XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Limacella illinita (Fr.: Fr.) Murrill.

Sin.: Lepota illinita Fr.

Fran.: Limacelle baveuse.

Oso espezie arraroa da Euskal Herrian.

Uda-udazkenean ateratzen da, mendiko koniferoen basoetan (Nafarroako Pirinioak), gehienetan lur azidoetan.

Txikia da, hasieran kanpai-formakoa, gero ganbil-ditiduna, 8 cm-ko diametroa izan dezake.

Bere kutikula oso likatsua edo lingirdatsua da, kolore zurikoa, erdialdea pixka bat okrexka eta muzilago koloregabe eta sendo batek estaltzen du, hankari lotua dagoena ale berrietan errezel partzialaren edo eraztunaren bidez hautsi aurretik.

Orri meheak, hertsiak, ia libreak eta kolore zurikoak ditu.

Hanka 6-10 x 0,5-1 cm-koa, zilindrikoa, lingirdatsua, batzuetan kurbatua edo altzoduna, kolore zurikoa eta, txapela bezalaxe, muzilago hialino batez estalia, bere eraztun igarokorretik oinera arte.

Mami zuria, mehea eta biguna, usain atsegina eta irin-zaporea, oso ezaugarri amankomuna Limacella generoko espezierik gehienetan.

Esporak globo-antzekoak, leunak, hialinoak eta amiloideak.

Garrantzi praktikoa: Kalitate eskaseko jangarria da, likatsuegia izateagatik.

Badira zuriak eta likatsuak diren beste espezie batzuk nolabaiteko antza izan lezaketenak, esate baterako, Hygrophorus eburneus izenekoa, azken honen bereizgarriak dira pagadietan haztea eta ez koniferoen basoetan, txapela eta hanka hain likatsuak ez izatea eta, azkenik, bere txapela hain kanpai-formakoa ez izatea.